2020/01/18
Laida Goiburu
2019ko Beasain Challengeko sari banaketa egin dute. 12:00etan izan da, Beasaingo udaletxean. Herriko korrikalariek antolatzen diren sei lasterketetan parte hartzea bultzatu nahi du Beasain Challengeak. Guztira, 263 beasaindarrek hartu zuten parte lasterketaren batean iaz, horietatik 35 emakumezkoak izanik.
2019ko proba guztietan parte hartu zuten korrikalariek jaso dute saria: Iker Urteagak, Jose Mari Martinek, Aitor Mujikak, David Gutierrezek eta Amaia Barandiaranek. Diploma eta beroki bana jaso dute sari gisa, eta beste bost sari zozkatu dituzte irabazleen artean: kiroldegirako urte osoko bi harpidetza, Ehunmilak proban parte hartzeko bi pertsonentzako dortsalak eta gainontzeko bost probetan izen ematea dohainik. Beste 5 korrikalarik 5 lasterketetan parte hartu zuten 2019an; beste seik lautan; 16k hirutan; 47k bitan eta 184k behin.
Garinen hasiko da 2020ko Beasain Challengea
2020ko Beasain Challengaren markagailua bihar jarriko da martxan, Garingo mendi martxarekin. Bigarrena Beasaingo herri lasterketa izango da, martxoaren 8an. Astebete beranduago, Arriarango mendi lasterketa izango dute parte hartzaileek, martxoaren 14an. Ehunmilak, Goierriko Bi Handiak eta Marimurumendi uztailaren 10ean, 11n eta 12an izango dira, eta irailaren 6an Usurbeko Igoera. Bukatzeko, San Silbestrea abenduaren 31n. Ezinbestekoa da Beasainen erroldatuta egotea parte hartzeko.